Erabakiak azkar eta gaizki hartzen direnean

2015 Vuelta 1.etapa - TCGAsko esan eta idatzi da Espainiako Vueltan atzo jokatu zen taldekako erlojuaren kontrako saioaren ibilbidearen eta hartutako erabakien inguruan. Eta ondo amaitzetik urruti geratu direlakoan nago ondoren azalduko dudan moduan. Azter dezagun kronologikoki gauzak nola izan diren.

Urtarrilean aurkeztu zen 2015eko Vueltaren ibilbidea, tartean atzoko etapa. Antolatzaileek eta ibilbidea ezagutzen zutenek ontzat eman zuten World Tourreko lasterketa batetako etapa jokatzeko, hondartzak eta inguruko turismoa erakusteko aukera paregabeaz itxututa edo. Dakizuen moduan, antolatzaileek UCIra bidali behar dituzte ibilbidearen inguruko datuak eta kasu honetan ere berdin egingo zuten. Komeriak, ordea, txirrindulariak aste honetan ibilbidea ikuskatu zutenean sortu dira, errepideko krono saio bat baino #cronobeach bat zela jabetu zirenean.

Ikusita ze presio zegoen txirrindularien segurtasuna eta arriskua argudio bezala hartuta, bi egunetan antolakuntza neurriren bat hartzera behartua izan da. Ibilbidearen nondik norakoa aldatu ezin zela eta, denbora tarteak sailkapen nagusirako ez zirela kontutan hartuko adostu zuten, etaparen sailkapenerako bakarrik izango zirela.

Meyer konbinatuaren maillotarekin Peter Velits lider berria Peter Sagan maillot berdearekinKorrika eta presaka hartutako erabakia izan dela agerian geratu da. Alde batetik lehian 6 talde bakarrik izan direlako, batez ere BMC, talde irabazlea, Tinkoff eta Orica, hiru hauek izan baitira denborarik hoberena egin dutenak segundo bateko tartearen barruan. Aldiz, Europcar, Cannondale, SKY, Giant,… pasira atera direla esan genezake 7,4km-ko ibilbidean minututik gorako atzerapenarekin helmugaratu baitira. Lehia, beraz, eskasa. Baina hori hasterako bagenekien.

Bestalde, eta hau iruditzen zait ikaragarriena, taldekako sailkapenaz salbu, beste sailkapenik ez argitaratu izana – gogoratu erabakia ez zela sailkapenik ez ateratzea, erlojuaren kontrako saioko denborak sailkapen nagusian ez islatzea baizik -. Sailkapenik ez badago, nolatan jantzi diote maillot gorria Peter Velits-i? Suposatzen da liderrak janzten duen maillota dela, baina sailkapen hori ez badago zeren lider da ba? Baina kontua ez da hor bukatzen: Sagan-i maillot berdea eman diote eta Meyer-i konbinatuarena OKER, izan ere mendikoa egokitze omen zaio taldeak berak adierazi didanez. Ze logika du existitzen ez diren sailkapenen maillotak ematea? Esango nuke Meyerri zuria ematearen akatsean horrek ere zerikusia izan duela.

Noski, konpromiso komertzialek eragina izango zuten. Akaso ez zuten horretan pentsatu erabakia gauzatzerako orduan. Eta gauzatzerakoan diot ze nire ustez sailkapenak behar lukete. Ez du zentzurik ez dauden sailkapenen liderrak izatea sailkapenik izan gabe. Garbi bazuten maillotan eman behar zituztela ba sailkapenak ere argitaratu nahiz eta guztiei denbora bera eman. Ez zait iruditzen hain zaila zenik eta guztiok ulertuko genuke. Baina hau, sailkapen nagusirik gabe maillotak ematearen kontu honek ez du ez hanka ez bururik.

 

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.