Ambrosio, “Cannondaleko probatzaile berria” (eguneratua)

Aski ezaguna egin zen atzoko etapan Ambrosio. Hala du izena Ben Kingen bizikleta gainean, eta ez Talanskyrenean hasera baten jarri dudan moduan, eta telebistaz nahiz sare sozialetan zabaldu zenak.

Gaur La Voz Digital agerkariak eman du Ambrosioren berri, izan ere pertsonaia ezaguna da Chiclanakoa, Ambrossini bezala ezagunagoa Eros Ramazzotti abeslari italiarra imitatzeagatik, baita txantxetarako duen abileziengatik ere bai.

Sarean azkar zabaldu zen Ambrosiok egina kamerek grabatu baitzuten eta ikusleok ongi erreparatu baikenuen zuzenean jazoa. Bizikleta lapurtzeko asmoa zuela edota Tropelak esan zuen moduan “bizikleta probatzeko saioa” izan omen zen Ambrosiorena. Ez bata ez bestea.

Agerkari digitalari azaldu dion moduan, King lurrean zaurituta ikusitakoan, Verjarako falta zen tartean berak egingo zuela adierazi omen zion Ambrossinik King-i zigarroa ahoan eta papar bistan: “Me voy a Vejer, que tú estás ‘escoñao’“. Talanskyri graziarik ez ziola egin iruditu zitzaiola adierazi du Chiclanakoak, nahiz eta ingelesez jaso erantzuna eta tutik ere ez ulertu.

Umoreak, beraz, eraman zuen Ambrosiok egin zuena egitera. Niri ere ez zitzaidan iruditu bizikleta ohosteko asmorik zuenik eta egia esan grazia asko egin zidan. Izan ere azken 5 km-ak arte, ezer interesgarriagorik ikusi al genuen ba? Eskerrik asko Ambrossio!

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.