Bazen behin Bordele-Paris

1965eko Bordele-ParisUrteak joan urteak etorri lasterketa berriak sortzen dira eta beste batzuk, hainbat arrazoi tarteko, desagertzen dira. Iraganaren parte den horietako bat da Bordele-Paris mitikoa. Joan den mendearen erdialdean jokatzen zen 500 kilometro inguruko proba amaigabea. Lasterketa berezia zen, inondik ere, izan ere ziklistak ordu txikitan abiatzen ziren, eta azken zatia derny motorren atzetik burutzen zuten. 1891n jokatu zen aurreneko aldiz eta John Pilkington ingelesa nagusitu zen

Irabazleen zerrendan ez da izen ezagunik falta: Garin, Christophe, Pelissier anaiak, Kubler, Bobet, Duclos-Lasalle, eta beharbada inoizko Bordele-Paris distiratsuena duela 50 urte jokatu zen, 1965eko maiatzaren 31n. Anquetilen urrezko garaia zen. Aurreko urtean Tourra bosgarrenez irabazi ostean, erronka berrien bila zebilen Normandiako txirrindularia, eta bere zuzendariak akuilua sartu zion 1965ean. Tourra alde batera utzi zuen eta Bordele-Paris irabazten ahaleginduko zen. Aurreko egunetan Dauphinen aritu zen Anquetil, baita irabazi ere. Lasterketa hura bukatu bezain laster, hegazkina hartu eta Bordelera abiatu zen, ordu gutxi batzuk geroago hastekoa baitzen Bordele-Paris. Probaren hasiera bereziki gogorra izan zen Anquetilentzat; beharbada Dauphineren nekea sumatzen ari zenez eta euria eta hotza egiten zuenez -artilezko txanoarekin egin zuen gaueko zatia- goizaldean bere zuzendariari esan zion lasterketa utziko zuela, baina Raphael Geminiani zakur zaharrak xaxatu zuen jarrai zezan. “Koldarra halakoa!”, bota zion Anquetili proba uztean zela…

Probaren azken zatira lau txirrindulari iritsi ziren gainerako guztien aurretik: Anquetil eta Stablinski morroi fidela, alde batetik, eta Mahe belgikarra eta Simpson ingelesa bestetik. Mahe izan zen indarge gelditzen lehena. Gauzak horrela, Picardieko muinoan erasoa jo zuen Anquetilek eta Simpsonek, bi urte lehenago proba hura irabazi zuenak, amore eman zuen. Azken kilometroetan eta batez ere Printzeen Parkean pilatutako zaleek harrera beroa, oso beroa, egin zioten Anquetili. Lasterketa bukatutakoan aitortu zuenez, guztiz hunkitu zuten zaleen txaloek. Ez da ahaztu behar toki horretan bertan, behin baino gehiagotan txistuak jo zizkiotela; bertan bukatzen zen Frantziako Tourra sasoi hartan eta zaleek Poulidor zuten txirrindulari kuttuna, Maitre Jacquesen etsipenerako.

1988an antolatu zuten azken aldiz Bordele-Paris lasterketa eta Jean-François Rault frantziarra gailendu zen. Ordutik hona profesionalek ez, baina zikloturistek hitzordu mitiko honetaz gozatu ahal izan dute.