Uztaila begi bistan, erantzun bila Suitzara eta Italiara

Uztailak 4ean hasiko da Utrecht-en Frantziako Tourra. Zalantzarik gabe, urteko zita garrantzitsuena. Eta iadanik begiak han ditugu askok. Pariseko kaxa gorenean izateko 4 izar nagusietako 3k urteko prestaketa guztia lasterketa horren inguruan moldatu dute: Nibali, Froome eta Quintana. Laugarrena, Contador, hemendik 10 egunera hasiko den Giroan izango da. Ez dakigu, ordea, prestaketa moduan soilik ala %100ean lehiatzekotan.

Ez da ari izaten ametsetako urtea lau hauentzat. Arrazoi bat ala beste, prestaketa ez doa beraien nahi bezain egoki. Ikusi dezagun bakoitzaren ibilbidea…

Kolonbiar txikiarena izango da ziurrenik hasiera politena, Tirreno-Adriatico irabazi baitzuen Martxoan. Hala ere, Itzulian lehenen eta Ardenetan ondoren (erorikoa tarteko) emandako mailak zalantza asko sortu ditu bere inguruan. Kenyarrak hasiera kaxkarragoa eman dio urteari, Andaluzia bezalako maila “baxuagoko” lasterketa irabazi ondoren ez baitu emaitza onik lortu. Ongi ezagutzen ez ditugun arrazoiengatik Tirrenon azken momentuan erretiratu zen. Ondoren Voltan benetan maila exkaxa eman du eta azkenik Ardenetan lurrean bueltaka ibili da (eta ez da lehen aldia, ez….).

Italiarraren kasuan, iazko Tourrean 4 etapa (4 etapa alajaina!) irabazi ostean 10 hilabete daramatza inongo garaipenik gabe. Tirrenon 16. eta Ardenetan gainontzeko hautagaietatik oso oso urrun izan da. Lehiatu dituen azken bi handiak (2013-Giro / 2014-Tour) hanka batekin irabazi dituen siziliarraren errendimenduak ni egiteko gai ez naizen analisi sakonago bat eskatzen du. Zerikusirik izango ote du Astana-ren UCI lizentziaren inguruko nahasketekin edota bere gainontzeko taldekideen errendimendu itzelarekin? Hala nola Scarponi, Landa, Westra, Boom, Fulgsang, Tiralongo…

Hiru txirrindulari hauek Romandian dira, Suitzan. Erantzun bila joan dira, orain artekoak sortutako zalantzak uxatzeko asmotan. Oker ez banaiz ez dira sekula 3ak lasterketa berean izan, eta ikusi beharko da nork jasotzen dituen erantzunik gozoenak.

Pintoko pistoleroak berriz, bere ugazabaren amuari kosk, aurten handietako 2 handienak errenkan lehiatuko ditu. Giro-Tour, txirrindularitza modernoan ezinezkotzat jotzen den balentriaren bila. Orain bi urte arte lehiatzen zituen aste beteko lasterketa guztien irabazleak Andaluzian Froome-kin ezin, Tirrenon 5. eta Voltan 4. amaitu du. Ezohiko emaitzak. Duda asko izango ditu, are eta gehiago bere taldearen errendimendu (Majka, Rogers, Sagan) ikusita. Ez Itzuliarik, ez Ardenarik, Teiden da lasterketa arrosa prestatzen. 2008ko Giroa oporretatik bueltan irabazi bazuen, zergatik ez aurtengoan? Italiara doa erantzun bila, zer topatuko ote du han?

 

Argazkiak: sportstoursinternational.co.uk, inrng.com, wielertours.nl, dorsal51.com