Duela 25 urte, Gianni Bugno

Gianni Bugno, maglia arrosa soinean, 1990ko Italiako GiroanArdenetako Hirukoa bukatuta, Italiako Girora begira jarriko gara txirrindularitza zaleok. Bada, aurten beteko dira 25 urte Gianni Bugnok maglia arrosa etxeratu zuela. Lehen egunean jantzi zuen liderraren maillota eta inor ez zen gai izan egun bakar batean ere Bugnoren lehen postua ezbaian jartzeko.

Chateau D’ax Suitzako taldeko liderrak Milan-San Ramo irabazi zuen denboraldi hasieran eta handik aste gutxira iritsi zen Girora. 26 urte zituen Bugnok. Ordura arte ez zuen bere burua nabarmendu hiru asteko itzulietan, baina goia jotzear zegoen…

Bere estilo dotorean, kasik ez zen mugitzen pedalei eragiten zuenean, Bugnok Bariko 13 kilometroko erlojupekoa irabazi zuen eta lehen postuari eutsi zion egunak joan egunak etorri. Beste bi etapa ere irabazi zituen eta azken sailkapenean, Mottet frantziarra bigarren sailkatu zen sei minutu eta erdira eta Giovannettik bukatu zuen hirugarren bederatzi minutura. Giro hartan Euskal Herriko txirrindulariak oso ondo aritu ziren; Fede Etxabek bosgarren postuan bukatu zuen eta Marino Lejarreta zazpigarren. Italiako Itzuli hura gogoangarria izan zen deskubrimendu batengatik: Mortirolo mendatea igo zuten aurreneko aldiz.

Urte hartako Tourrean ere erakutsi zituen bere dohainak italiarrak; L’Alpe d’Huezeko etapa mitikoa etxeratu zuen. Ondorengo urtean, 1991n, Bugno txukun aritu zen Giroan -laugarren amaitu zuen-, baina ia mundu guztia bezala, ustekabean harrapatu zuen Chioccioli menderaezinak. Gauzak horrela, Tourrari begira jarri zen Bugno, buru-belarri. Eta bere alde, tifosi guztiak noski. Baina Tourrean ez zuen asmatu. Migel Indurainek hanka egin zuenean Tourmaleten behera, Bugno tropeltxoan geratu zen eta aurrera jo zuenerako berandu zen. Tourra joana zen. Sikiera bigarrenez jarraian gailendu zen L’Alpe d’Huezen. Tourra bukatuta, txapela jantzi zuen bulebarrean Donostiako Klasikoa irabazita, eta handik aste gutxira, Munduko Txapelketa poltsikoratu zuen Alemanian. Han bai, Induraini aurrea hartu zion.

1992an Giroari uko egin zion Bugnok, Tourra bihotz eta arima prestatzeko. Tifosiek asko maite dute Giroa, jakina, eta euren txirrindulari kuttuna irteeran ez ikusi izanak sumindu zituen. Eta Tourrean ezin izan zuen Induraini aurre egin. Donostiatik abiatutako Tourra irabazteko faborito nagusia zen, Indurainekin batera, baina beste hautagai guztiak bezala, Indurainek tokitan utzi zuen Luxenburgoko erlojuz kontrako etapa gogoangarrian. Hala eta guztiz ere, tifosiak ez zeuden amore emateko prest. Bugnok Tourra Sestrieresen, Italiara iritsiko zen mendiko etapa beldurgarrian, iraultzea espero zuten. Horrekin amesten zuten. Etapa aurrera joan ahala, tifosiak Chiapucciren alde jarri ziren, deabrua ihesladi historikoa burutu zuelako eta etsipenez jaso zuten helmugan Bugno, Indurainengandik aparte. Giroan kale, eta Tourrean ezinean. Ciao, Gianni

Handik aurrera garaipenen zakua betetzen jarraitu zuen Bugnok, beti bezain dotore, -urte hartan berriro ere Munduko Txapelketa irabazi zuen eta ondorengoetan, besteak beste garaipenak lortu zituen Flandesko Tourrean, Euskal Bizikletan eta Espainiako Itzulian-, baina hiru asteko itzulietan ez zen nabarmendu, eta jakina, zaleek beste idolo bat bilatu zuten azkar-azkar: Pantani gaztea. Giroko historiak, ordea, ez du Bugno alboratu. Bere izena letra larriz idatzia du.