Hasi da udaberria

paragrapharticle--54f211ea03e59Hasi da denboraldia. Hasi da festa!. “Aurre denboraldia” amaituta, lehia betean izan dugu tropela asteburu honetan Belgikako errepideetan. Larunbatean ospatu zen Omloop Het Nieuwsblad klasikoan, garai bateko Het Volk, Sky taldeko Ian Stannard-ek eman zuen sorpresa. Ustekabea ez zen izan irabazteko maila ez duelako edo faboritoen artean ez zegoelako, lasterketa nola zihoan ikusita eduki zuen ustekabeko amaieragatik baizik. Laukote bat iritsi zen ihesean, 3 Etixx-Quick Step eta Sky bakarra, eta barkaezina da azken 35 km horrela joanda garaipena Sky taldeak lortzea. Bikain Stannard, iazko garaipena errepikatuz, baina lotsagarri geratu zen Patrick Lefevere eta bere taldea, bere 3 txirrindulari indartsuenek kale egin zutela ikusita: Niki Terpstra, Tom Boonen eta Stijn Vandenbergh (ordena horretan).

Garaipen honek, gainera, Sky taldea klasiko handietara begira indartu besterik ez du egingo. Flandria eta Paris-Roubaix-era moralez gainezka iritsiko dira Stannard, Wiggins eta Geraint Thomas, seguru aski beren 3 txirrindulari babestuak. Gogoratu behar dugu sorreratik saiatuko zirela Sky-koak klasikoak lehiatzen (Flecha-rekin batipat, eta adib. garaile izan genuen lasterketa honetan 2010an), baina ez dute lortu klasika garrantzitsuenetan itzuli handietan erakutsi duten nagusitasuna. Aurten gainera, Paris-Roubaix-en utziko dio Wiggins-ek Sky taldeko kide izateari eta baita goi mailako ibilbideari ere errepidean. Horregatik da bere aurtengo helburua eta errepideko bere azken helburu handia ere pistan murgildu aurretik, 2016ko Rio-ko Joko Olinpikoak prestatzeko.

Gaur aldiz, Kuurne-Bruxelles-Kuurne klasikoa ospatu da. Normalki esprintean amaitu ohi den lasterketa da eta aurten ez da salbuespena izan. Gizon azkar ugari genituen irteeran: Etixx-ek Cavendish zuen hemen, Katushak Kristoff, Cofidis-ek Bouhanni, eta Sky-k Viviani. Esprinterren arteko aurtengo lehen guda serioa. Ihesaldiak egon dira, baina azken 40 km-tan sartzean denak elkartuta iritsi dira. Sprinterren taldeak lanean, aukera askoz gehiago ez ziren ikusten. Baina Philippe Gilbert ausartak ia zapuztu dizkie denei planak. Larunbatean 8. amaituta, bagenekien sendo zebilela eta izugarrizko erasoa jo du 5 km faltan. Oso txirrindulari gutxik jo dezaketen eraso gogor horietako bat, Philippek sasoiko dagoenean jotzen dituen horietako bat. Bizi-bizi zihoan tropelari 10 segundoko aldea ere atera dio. Baina azkenean, Lotto izan da 700 metro faltan Gilbert harrapatu duena.

Sprintean, Ettix-Quick Step-ek bezperako arantza atera du. Cavendishek esprint bikaina burutu du eta erraz gailendu da. Bigarren postuan iritsi da Alexander Kristoff eta hirugarren postuan Viviani italiarra. Pasa den asteburuan Munduko Pista txapelketa lehiatzen zebilen eta orain dagoeneko errepidean garaipen gosez da italiarra.

Bai, Iosu. Hasi da udaberria, hasi da festa! Gozatu udaberria, azken urteetan nagusitzen ari den youtube txirrindularitzaren atzaparretan erori ez bazarete oraindik, edo zenbait antolatzaileren aldetik ematen ari den aldapa gogorrenaren bilaketa arkeologikoak txirrindularitzari zer arraio eskaintzen ote dion zuen buruei galdezka baldin bazabiltzate behintzat.

Argazkia: www.ciclismoafondo.es