Jean-Christophe: bat ez, hiru!

AG2R 2014ko Tourreko podiumeanIazko denboraldian, lasterketaren bat hasi aurreko egunetan, tropela-zaleon artean asko komentatzen genuen honakoa: “AG2R tope zabilenk! Lasterketa guztietan norbait sartzen ditenk aurrean! Begira nola dabilen Betancur!” eta horrelakoak. Eta halaxe zen, kolonbiarrak Paristik Nizarakoa irabazteaz gain, ezin ahaztu Pozzovivo-ren Giroko 5. postua eta nola ez, urteko zita garrantzitsuenean bi emaitzarik onenak: Tourreko Péraud-en bigarren postua eta Bardet-en 6.a eta gazteen saria.

Salto kualitatibo bat eman zuen talde frantziarrak, horrelako postuetara ohitu gabeko taldea izaki. Azken bi urtetako zenbait gertakarik eman dezakete erantzuna. 2012 bukaeran 24 urteko Houanard gazteak EPOz positiboa eman zuen, eta 2013ko Giroan Georges-ek enmaskarante batekin beste bat. Giro hartan Betancur ikaragarri bat ikusi genuen, gogoratzen baduzue. Aste honetan jakin dugu bere profesional ibilbideko urte guztiak talde frantziarrean daramatzan Mondory-ren EPO positiboaz. 2 urte eskasetan 3. positiboa.

On eginMondory-rena ez da kasu isolatua. Talde batean hain denbora gutxian 3 positibo izateak dopin sistematikoa adierazten du, talde dopina. Taldeko izarrek eman duten salto “kualitatibo” eta irregulartasunek hipotesi honi indarra ematen diote.

Lavenu taldeko zuzendaria zur eta lur geratu da, ez omen du ezer ulertzen, ez omen da gai jarraitzeko… Eta noski, Bardet eta Péraud taldeko izarrek dena ukatu eta kasu isolatua dela diote. Azken honek, L’Equipe egunkariaren berrian erreferentzia egiten den UCIren azken dokumentuan agertzen den datua azpimarratzen du, non txirrindularien %20a dopatzen dela dioen, eta justu horietako bat beren taldekoa den. Jean-Christophe: bat ez, hiru! Edo kontatzen ahaztu zaigu…

Ikusi beharko da nolako emaitzak lortzen dituzten aurtengo denboraldian, batik bat frantziar txirrindulariek, taldeko matrizea osatzen dutenek, orain guztien begipean daudelarik.

Aurtengoan beharbada bestelako komentarioak entzungo al ditugu? “Argi ibili beharko ditenk, nik ez di(n)at inor hartuko behintzat kinielan! Onenak emanda zaudenk!”. Zer iruditzen zaizue?

 

Argazkiak: news.com.au / vavel.com