Tropeleko gazteak: denboraldi hasierari errepasoa

Graham WatsonUrtero lez martxan dugu berriro ere nazioarteko tropela. Denboraldi hasierako lasterketak eszenatoki aparta dira txirrindulari gazteek bere burua ezagutzera eman dezaten eta aurtengoa ez da salbuespena izaten ari. Azken asteetan bi lasterketa nagusi izan dira zaleen ahotan: Down Under Tourra eta San Luisko Tourra.

Lehenengoan, gazte baina jada ezagunak diren zenbait txirrindularik aurtengoa beren baieztapen urtea izan daitekeela erakutsi zuten. Guztien gainetik Rohan Dennis (’90). Probaren hasieran Evansen morroi gisa jardungo zuelakoan geunden baina azkenean etapa eta sailkapen orokorra poltsikoratu zituen australiarrak.Graham Watson2 Astebeteko itzulietan faboritoen artean sartu beharko dugu aurten, duda barik. Bestalde, sailkapen orokorreko top5-ean amaitu zuten Tom Dumoulin (’90) eta Ruben Fernandezek (’91). Lehenengoak igoeretan nabarmen egin du gora eta bigarrenak geroz eta maila altuagoa duela erakutsi zuen.

Esprintetan bi gizon gazte nabarmendu ziren: Bonifazio (’93) eta Wippert (’90). Italiarrak, iaz lasterketa apaletan 5 garaipen lortu ostean, aurrerapausoa egin duela ematen du, eta aurten hurbiletik zaindu beharko dugu. Wippertek denak harritu zituen Adelaiden itzuliko azken etapa irabaziz. Nederlandarrak ez du ohiko kirol-bizitza izan: Danny Van Poppel eta Hoflanden itzalean egonez ez zuen talderik aurkitu Europan eta Ozeaniara egin behar izan zuen salto profesionaletan debuta egiteko Drapac taldearen eskutik. Iaz Asian lau garaipen lortu zituen baina Australian lortutakoa da orain arte bere garrantzitsuena.

Bigarren maila batean ere beste gazte batzuk nabarmendu ziren: Grmay (’91) Lampreko etiopiarrak 11. amaitu zuen sailkapen orokorrean, Haigek (’93) 16. Paracomben etapa bikaina eginaz, eta ez nuke aipatu gabe utzi nahi BMCko Flakemore (’92), zeinek sentsazio oso onak utzi zituen Stirlingeko etapa ostean, hotelera bidean, lepauztaia apurtu arte.

Denboraldi hasierako sorpresarik handiena ordea Argentinan izan genuen, Gaviria (’94) pistard kolonbiar gaztearen eskutik. Bi etapa poltsikoratu zituen, biak Cavendish eta Modoloren aurretik. Hanka batez aritu zen: hainbestekoa izan zen bere nagusitasuna ze Cavendish bera amorrarazi zuen. Kontuan izan behar da pistako munduko txapelketa bertan duela Gaviriak eta gainerakoak denboraldia hasi berritan zeudela baina horrelako agerraldiak oso gutxitan ikusten dira. Ethixx eta AG2Ren kokatu dute jada zurrumurruek Gaviria datorren denboraldirako.

Maila oso altuan ibili zen beste bat Gaviriaren herrikide den Contreras (’94) izan zen. Gaviria esprintetan nabarmendu bazen bigarren hau mendian aritu zen bikain: mendatean amaitu ziren hiru etapetan 10., 6. eta 8. izan ondoren 5. amaitu zuen sailkapen orokorrean. Dombrowski (’91) ere oso ondo aritu zen, sailkapen orokorrean 7. amaituz. Denboraldi amaieran Team Sky utzi ostean azken bi urteetan galdutako sentsazio onak berreskuratzea du helburu aurten estatubatuar gazteak eta helburu hori lortzeko moduan dela ematen du. Nabarmendu zen gazte bat Southeast taldeko Mareczko (’94) izan zen. Tachirako itzulian bi etapa eskuratu ostean esprintetan aurrean izan zen italiar gaztea. Aurten bere herrialdeko egutegian zer esana eman dezake esprinter txiki honek.

Guztiak, duda barik, gertutik jarraitu beharko ditugu denboraldi honetan. Akaso kinielaren batean puntuak biltzeko aukera emango digute.

 

Argazkiak: Graham Watson, CyclingWeekly-ren bidez.