Has dadila festa!

2014ko lehen biak Omloop Het Nieuwsblad, edo garai batean Het Volk bezala ezaguna zena, larunbat honetan ospatuko da, eta berarekin hasiko da 2015ko txirrindularitza profesional ibilaldia. Nik hala kontsideratzen dut behintzat, orain artekoak denboraldian zehar izango diren beste lasterketetako prestaketa lasterketak izan baitira (arabiar lasterketak, Andaluzia, Algarve…), eta ez helburu zehatzak.

Izan ere, udaberriko klasikoetan buru-belarri murgiltzen diren txirrindularientzat, eta batik bat harbideetan espezialista direnentzat urteko lehen helburua izan ohi da Flandriako klasikoa.

2015ko profilaGent-en hasi eta bukatzen den lasterketa honetan, 200km-tako ibilbidean zehar 14 harbide zati eta 11 muino pasa beharko dituzte txirrindulariek. Harbide eta muinoez gain, urtaroak eta eguraldiak bereziki baldintzatzen dute Het Niewsblad handia, 2014koa gogoratzea besterik ez da behar.

Bi talde handiren arteko lehia espero dut: Quick-StepSky. Urtero legez, talderik indartsuena Etixx_Quick-Step izango da, Boonen, Stybar, Terpstra eta Vandenbergh-ekin. 2015an taldeak daramatzan 11 garaipenek ere taldeari konfiantza emango diote. Bestalde, Sky talde beltza (8 garaipen) ere ez da atzean geratzen. Wiggins, bere ametsetako Paris-Roubaix lasterketaren prestaketan murgilduta eta iazko garaile Stannard-ek beldur pixka bat sartuko diete flandriarrei. Harrigarria Thomas galestarra ez izatea irteeran Algarven emandako erakustaldiaren ondoren. Aurreragoko lasterketetan izango da, ziur.

Lehen maila batean, baina beharbada aurrekoak bezain talde sendorik gabe honakoak eongo lirateke: bigarren postuarekin ezkonduta den Van Avermaet, 2012an garaile izandako Vanmarcke eta urteko lehen 3 monumentuak irabazteko gai den Kristoff.

Bigarren maila batean kokatuko nituzke Gilbert (beti inkognita), Démare (a ze gogoa frantziar elastikoa harbidean saltoka ikusteko!), edo Chavanel eta Leukemans agureak. Sorpresen artean izan daitezkeenak berriz: Van Asbroeck (LottoNL-Jumbo), Vanbilsen (Cofidis), edo eta Theuns (Topsport Vlaanderen Baloise).

Cancellara, Boom, Sagan-ek huts egingo dute baina, ez dut uste faltan botako ditugunik, doazenak %100ean lehiatzen baitute lasterketa hau.

Hasi dadila festa!

Argazkiak: steephill. tv, sportwereld