Ez ala bai?

Contador lider VueltanUztailaren 23an, Alberto Contador Tinkoff-Saxo taldeko txirrindulariak triste samar iragarri zuen ezin izango zuela Espainiako Itzulian parte hartu. Abuztuaren 14ean, ordea, baieztatu zuen irribarre batekin, eta bideo eta guzti, “La Vuelta” lasterketaren irteeran izango zela. Abuztuaren 22an, Pintoko txirrindulariak ondokoa adierazi zuen lasterketa hasi bezperan: “Ez nago prest Vuelta lehiatzeko”. Irailaren 1ean, aldiz, Contadorrek argia ikusi zuen, eta baita iritzia aldatu ere: “Orain bai esan ahal dudala irabazten saiatuko naizela”.

La Zubiako gainean hirugarren egin zuen. Valdelinaresen erasoa jo eta azkenik hamabigarren sailkatu zen. Eta atzo, Borjan helmuga zuen erlojuaren kontrako saioan maila bikaina eman eta laugarren izan zen. Nairo Quintana ez beste guztiak zur eta lur utzi zituen. Kolonbiako talentuak argi adierazi zuen atseden egunean Contador iruditzen zitzaiola hasieratik indartsuena. Hamar etapa jokatu ondoren, horrela dirudi, harrigarria bada ere. Zer pentsatuko ote dute Chris Froome, Alejandro Valverde, Joaquim Rodriguez eta Rigoberto Uranek? Bereziki, Sky taldeko liderrak, zalantza ugari izango ditu. Pintokoa bezala jausi zen Tourrean, eta bien maila oso ezberdina da. Gogora dezagun Contador berak aitortu zuela Vuelta prestatzeko denbora askorik ez zuela izan.

Hain zuzen ere, uztailaren 14ean Contadorrek eroriko larria izan eta eskuin hankako belaunean zartako ederra hartu zuen. Hasiera batean, haustura izan zitekeela zabaldu zen, baina gerora medikuek adierazi zuten fisura bat zuela espainiarrak. Tourra utzi behar izan zuen. Denboraldiko bere helburua pikutara joan zen. Gerora arazoak izan zituen belaunarekin osatzerako orduan, eta etsita esan zuen ez zela Xerezen izango. Gero, bai.

2013a urte nahiko petrala izan zen Pintokoarentzat. San Luisen laugarren, Omanen bigarren, Tirrenon hirugarren, Euskal Herrian bosgarren, Dauphinen hamargarren eta Tourrean laugarren. Ez zuen itzulirik irabazi eta garaipen bakarrarekin bukatu zuen denboraldia (Argentinan lorturikoa). Bere mailako txirrindulari batentzako urte beltza izan zen. Beste askok hartuko lukete iazko bere palmaresa. Baina ez, ez zen fin ibili. Twitterren euskarazko traola ere izan zuen: #Contapott

2014a dezente hobeto doa Contadorrentzat. Tirrenon eta Euskal Herrian irabazi ondoren, itzuli handi baten gose da. Tourreko ezbeharraren ondoren, Espainiako Itzulian gailenduko al da? Behintzat, hautagai nagusi bihurtu da oraindik lehia bukatzeko asko falta bada ere. Hori bai, aurrerantzean isilik egotea komeni zaio. Bistan denez, hitz egiterakoan galtzen duen sinesgarritasuna errepidean irabazten du txirrindulari espainiarrak.

Eta ez, Tropelako kinielan ez dut Contador.