Bigarren astean egongo da gakoa

ancares1 Tropela.net-eko Vueltako kiniela egitear bazabiltzate, hementxe dituzue ibilbideari buruzko zenbait ohartxo, lagungarriak izango zaizkizuelakoan. Hitz gutxitan,  aurreko urteetan baino lasaixeago abiatuko da lasterketa. Izan ere, duela pare bat urte hasi eta gutxira Arrate eta Valdezcarayko etapak jokatu ziren eta joan den urtean, bigarren egunerako mendate batean bukatu zen lasterketa. Aurten, gauzak ondo, esprinterrek beren burua erakutsi ahal izango dute lehen etapetan.

Lehen astea: taldekako erlojupekoa, La Zubia eta Valdelinares
Aurten, lehen eguneko taldekako erlojupekoa (20 kilometrokoa) eta gero, ustekaberik ezean, esprinterrek -edo ihesaldiek- aukerak izango dituzte aurreneko etapetan. Oilarrek gandorra tente jarri beharko dute ostegunean, irailak 4, La Zubia muino gogorrean (lau kilometro eta erdi; batez besteko malda %8) bukatzen delako etapa. Igandeko hitzorduan erne egon beharko dute sailkapen nagusia lehiatuko dutenek, baina egiari zor, amaiera ez da bereziki gogorra: Valdelinareseko malda.

Bigarren astea: bakarkako erlojupekoa eta mendiko etapa gogorrenak
Antolakuntzak etapa gaiztoenak lehen atseden egunaren ostean jarri ditu. Hasteko, 34 kilometroko erlojupekoa Aragoin, eta Nafarroan, Aralarren, bukatuko den etapak elkarren segidan; ezagutzen dutenek ondo dakite Aralar oso igoera gogorra dela (10 kilometro; batez besteko malda %7,5). Pare bat etapa samurragoak izango dira jarraian, baina asteburuan, berriro ere egurra, eta ez nolanahikoa gainera:La Camperona (larunbatean, irailak 6), Lagos de Covadonga (igandean, irailak 7) eta La Farrapona (astelehenean, irailak 8), bata bestearen atzetik. Gauzak ondo, itzulia ia-ia erabakita iritsi beharko litzateke bigarren atseden egunera.

Azken astea: Galizako mendiko etapa
Azken asteko etaparik gogorrena larunbatekoa izango da, hau da itzulia bukatu bezperakoa. Txirrindulariek Ancares mendate gogorrean (12 kilometro; batez besteko malda %8,7) izango dute helmuga -argazkian, Rodriguez eta Contador mendate horretan, 2012ko Vueltan-. Itzulia bakarkako erlojupekoarekin bukatuko da Santiagon (irailak 14, igandea), baina kontuan hartuta 10 kilometro besterik ez direla izango, ez da sailkapen nagusiari buelta emateko aproposa izango. Etxerako lanak lehenago eginak utzi beharko dira.