Irteera Handien artean handiena

Frantziako Tourraren 1. etapa, Yorkshiren.Horrela izendatu zuen Frantziako Tourraren zuzendari Christian Prudhommek Ingalaterrako 'Grand Depart'. Inoizko Tourraren hasierarik handiena izan omen da. Ikusle kopuruari erreparatzen badiogu, izendapena ez da handi geratzen. 2 milioi eta erdi lagunek bete dituzte Ingalaterrako hiru etapetako errepide bazterrak. Antolatzaileen arabera 5 milioi izan dira. Edonola ere, jendetza izugarria. Nahi gabe edo, txirrindularitzaren aldeko giza-kate erraldoia osatu dute britainiarrek, Leedsetik Londresera, 546,5 kilometrotan zehar.

cavendish-caida-tour-2014-efe_foto610x225Maila eman du Ingalaterrako zalegoak. Kirol aldetik, baina, ez dute saririk izan. Are gehiago, norbaitek zigortu nahi izan dituela dirudi. 1. etapan, lurrera joan zen Cavendish. Hain zuzen, Britainia Handian sortutako giro paregabeak gehiegi presionatu zuen esprinterra, nonbait, eta 1. etapako garaipenarekin eta maillot horiarekin itsututa, mugimendu arriskutsu baten erruz erori zen Mannekoa. Biharamunean ezin izan zuen etapa hasi. Eta herenegun, Ingalaterrarentzat garrantzitsua izan behar zen Tour honetan, Erresuma Batuari hirugarren Tourra errenkan eman behar zion txirrindulariak lasterketa utzi zuen. Bagenekien beldurgarria izan behar zela harbideetako etapa, baina harria eta lokatza zapaldu baino lehen itzuli zen etxera Froome. Gogotsu agertu zen, irribarretsu, Leedseko aurkezpenean, lasterketa etxean hasiko zuela jakitunik. “Dena emango dut Parisera horiz heltzeko”, esan zuen. Baina tartean, zenbat eroriko sufritu ditu? Zorte txarra izan du Skykoak, baina dakigunez, erorikoen errua ez da soilik zortearena, eta badirudi Froomek hanka txarrekin hasi duela Tourra. Baita bukatu ere. Presioa ote? Kotxean sartu, eta iazko txapeldunak ez du balentria errepikatuko.

“Euren bihotzetan ikus dezaket Tourra, baita euren begietan ere“. Prudhommek ere ez zuen halako harrerarik espero. Metrorik ez da egon jenderik gabe, eta 4. mailako mendateetan ez zegoen apenas lekurik zale gehiago hartzeko. Ez zen kotxerik ageri errepideetan, nahiz eta telebistako irudietan herririk ez sumatu inguruan. Ez da ohikoa Tourra Ingalaterran hastea, eta hori izan daiteke arrakastaren gako bat. Tamaina hartako kirol ekitaldia etxean ikusi ahal izateak kalean disfrutatzera eraman du jendea. Irlandan, Italiako Giroaren irteerarekin, gauza bera gertatu zen. #Giro (5000 txio egunero) TT izan zen Erresuma Batuan Belfasteko irteera handian. 427,7 kilometro Belfastetik Dublinera. Ipar Irlandako hiriburuaren inoizko kirol ekitaldirik garrantzitsuena izan zen. Hainbeste zale biltzen ez duen kirol batentzat, izugarrizko arrakasta izan zen hiriak eman zion atentzioa. Kasu honetan ere, kirolak ez zien saririk eman, eta Dan Martin irlandarra taldekako erlojupekoan erretiratu behar izan zen.

Tourrak berriz errepikatu nahi du Ingalaterran, hurrengo sei urteetan, eta guztiz ulergarria da. Lasterketari interesa ematen dio, errepidean gertatzen denaz aparte. Etxetik, ikusleak zaleak nahi ditu errepide bazterretan, eta hori komunikabideen interesa ere erakartzen du. Lasterketak asko irabazten du mota honetako irteera bereziekin. Kontrako iritziak ere egon daitezke: adibidez, Italiako Giroak hirugarren atseden egun bat sartu behar izan zuen, Dublinetik Giovinazzorainoko 3000 kilometroak betetzeko. Baina onurak gehiago dira. Afizioa sortzen duten etapak dira, batez ere herrialdean, eta hango txirrindularitza talde txikiek probetxua ateratzeko aukera ikusten dute. Asaldatuta ibiltzen dira egun horietan. Bizikleta hartu nahi izaten du jendeak, eta batez ere, kasu egiten diote hurrengo etapei. Ezin esan Tourrak ingelesak harrapatu ez dituenik. Zer esanik ez, herrialdeko turismoak irabazten duena: lasterketa handi baten erakustoki erraldoia gozoki potoloa da turismo agentzientzat. Nabarmentzekoa da Ipar Irlandako bulegoak egindako lan ona, Belfasteko irteera eta hara bidaiatzeko arrazoiak bikain uztartuz, web gune baten bitartez.

Guzti honetarako, ez da nahikoa atzerrian 'irteera handi' bat antolatzea, bikain egin arren. Oinarriak behar ditu antolatzaileak. Britainia Handiko txirrindularitzak azken hamarkadan bizi izan duen gorakada ikusgarria lasterketa handiak hara eramateko oso arrazoi sendoa da. Aurrekoa indartzeko eta gerokoari bide erraza uzteko balio du. Askotan aipatzen da txirrindularitzak, negozio bezala, lurralde berriak irabazi behar dituela, muga guztiak desagerrarazten. Hori izan da UCIren azken urteetako helbururik nabarmenena. Kapitalismoak kirola irentsi duela onartuta ere, moduak eta moduak daude. Globalizazio zoroan sartuta egon da kirol hau, baina iraunkortasunari begiratu beharko diote antolatzaileek, taldeek eta hariak mugitzen dituzten agintariek. Ingalaterrako 'Gran Depart' honek mesede handia egin dio lasterketari.

Argazkiak: Frantziako Tourra / EITB (EFE)