Berriro ere martxan da nazioarteko tropela

Tour Down UnderDenboraldia gero eta lehenago hastea ohitura bihurtzen ari den honetan, urtarrilaren 3. astea hasi ez eta jada martxan ditugu taldeak. Duela urte batzuk talde apalen lasterketak zirenak gero eta partaidetza sendoagoa bereganatzen doaz, baita zaleen arreta handiagoa ere, txirrindularitza denboraldi berri baten goseak bultzatuta lehen mokaduaren bila dabiltzanak.

Munduko txirrindulari garrantzitsuenetariko askok denboraldi hasierako lasterketa hauek prestaketa bezala erabiltzen dituzte hurrengo hilabeteetan izango dituzten helburuei begira eta beste batzuek, esprinter askok kasu, urteko lehen garaipena poltsikoratzea izango dute gogoan lehen aste hauetan. Horregatik, talde askok hegazkina hartu, ekuatorea zeharkatu eta hego hemisferiora abiatzen dira lasterketa eta tenperatura egokien bila.

Askotan txirrindularitza zaleontzat “exotikoak” diren herrialdeetan jokatzen dira denboraldi hasierako lasterketa hauek. Horren adibide garbia da lerro hauek idatzi bitartean jokatzen ari den La Tropicale Amissa Bongo. 9. ekitaldia den honetan, bertan ditugu, besteak beste, Egoitz Garcia eta bere Cofidis. Atxondotarrak ondo hasi du denboraldia, lehenengo etapan 2. izan eta liderraren elastikoa jantzita, ohorezko hainbat postu lortzeaz gain. Gabongo lasterketan dago ere Luis León Sánchez murtziarra, Egoitz Garciak garaipena lortzea ekidin zuen gizona. Caja Ruralekin bere debuta den honetan bikain ari da: etapa garaipenaz gain lider da bigarren etapa ez geroztik eta sailkapen orokorra irabazteko faborito nagusia da. Helburu horrekin ditu ondoan Omar Fraile eta Javier Aramendia: biak ala biak buru-belarri ari dira berarentzat lanean.

World Tourreko taldeak errepidean ikusteko ordea astelehenerarte itxaron beharko dugu, orduan hasiko baita Argentinan San Luisko Tourra. Urtetik-urtera haziz doan lasterketa da eta aurten inoizko partaidetzarik onena izango dugu lasterketak: Joaquim Rodríguez, Nibali, Quintana, Sagan, Cavendish eta abar luze bat. Aipatutakoez gain bertan izango dira Haimar Zubeldia, Mikel Landa eta Beñat Intxausti, baita iazko garaile den Daniel Diaz. Lasterketan parte hartuko duten argentinarretako hiruk ondo ezagutzen dituzte euskal errepideak: Daniel Diaz bera, Sivori eta Barrientos irteeran izango dira, bakoitza bere helburu propioekin. Astebete iraungo du lasterketak eta mendatean amaituko diren 3 etapek eta bakarkako erlojupeko batek erabakiko dute sailkapen orokorra.

Asteartean egingo ditu lehen kilometroak World Tourrak, Down Underreko Tourraren hasierarekin batera. Urrun geratzen da jada 1999an O’Gradyk irabazi zuen lehen ekitaldi hura. Ordutik dezente egin du gora lasterketaren famak, azken urteotan bertako txirrindularitzak izan duen bultzada nabarmenak lagunduta. Duela gutxira arte eskalatzaileei aukera gutxi ematen zien lasterketa zen, baina 2012an antolakuntzak ibilbidean Willunga Hilleko amaiera sartzeaz batera hau aldatu egin da: sailkapen orokorra esprinter eta klasikomanoek irabaztetik (Greipel kasu) eskalatzaile eta aldapa gora ondo moldatzen diren klasikomanoen esparru izatera pasa da.

Gauzak horrela, aurtengorako faboritoetako bat Gerrans izango da, duela astebete bere herrialdeko txapelketa irabaziz sasoi onean dagoela erakutsi duen gizona. Hautagaien zerrenda horretan daude ere larunbatean podiumean bere alboanAustraliako txapelketako podiuma (John Veage and Cycling Australia) izan ziren biak: Evans eta Porte. Kinieletan koxka bat beherago dira iaz 2. izan zen Javi Moreno, Ulissi, Gesink edota Frank Schleck. Azken hau berriz ere dortsal batekin izango dugu aspaldiko partez. Urtero bezala esprinterren alorrean goi-mailako izenak egongo dira Australian: Kittel, Greipel, Goss, Viviani,… gizon on asko dituen multzoa izango dugu etapen lehian. Eta amaitzeko Down Underreko tropelean izango den eta aipamena merezi duen gizon bat: Caleb Ewan. Beno, gizona baino mutikoa esan beharko genuke, 19 urte baino ez baititu australiar gazteak. Baina ez utzi bere adinagatik engainatzen:  juniorra zela bere herrialdean profesionalen artean lehiatzeko aukera izan eta Allan Davis edota Goss bezalako gizonen aurretik izan zen. Goi-mailako lasterketa batean lehen partaidetza du, baina duela aste batzuk egin zioten elkarrizketa batean garaipen-gosez dagoela esan zuen. Oso azkarra da eta muinoetan ere ondo moldatzen da, beraz Stirlingen amaitzen den etapan aukera ona du gose hori asetzeko. Adi berarekin.

Argazkiak: www.blogs.sacbee.com eta www.simongerrans.com