Gogoeta, Mont Ventouxera bidean

Daniel Martinek irabazi du Pirinioetako bigarren etapa, eta Froomek lider jarraitzen du. Hala eta guztiz ere, aurkariek ataka zailean jarri dute maillot horia, Sky-k oso egun txarra izan duelako eta Movistarrek bazterrak nahasteko gogoa erakutsi duelako, batez ere etaparen lehen zatian. Sky eta Movistar taldeen arteko buruz burukoa ikusiko al dugu Tourra amaitu bitartean?
Aurreko batean Iosu Garatek zioen Tour aspergarria ikusi behar genuela, Froome eta Skyren nagusitasunagatik. Ax 3 Domaines-en ikusitakoaren arabera, bete-betean asmatu zuen Iosuk bere iragarpenean. Baina 24 ordu geroago, gauzak zertxobait aldatu dira, ezta? Izan ere, zeinek pentsatuko zuen Sky ezin ahulago ikusiko genuela? Gogoratzen Kiryenkarekin? Bai, bai, Euskal Herriko Itzulian robota zirudiena, bisaia aldatzen ez zuena, euripean eta elurra ari zuela, tropelaren buruan aldapan gora eta aldapan behera.  Ba gaur kontroletik kanpo iritsi da. Libros de Rutako lagunen webgunean eskura daiteke Sky’s the limit liburua. Youtuben, aldiz, A Year in Yellow dokumentala dago ikusgai. Batak zein besteak talde ezin profesionalagoa aurkezten digute, erabateko zehaztasunarekin diharduen lan taldea. Teknologiaren bitartez ñabardura ñimiñoena kontrolatzen duen egitura profesionala, hain zuzen ere. Baina zergatik gustatzen zaigu txirrindularitza? Bada, kirol guztiek bezala, ezustekotik duelako, eta pedalei eragiten dietenak ez direlako ordenagailuak, pertsonak baizik. Skykoen ordenagailuan ez zen aterako gaur Porte hondoratuko zela eta Kiryenkak agur esan beharko ziola Tourrari, ziur. 2010ean, Saxo Bank-eko konputagailuan agertu ez zen bezala Andy Schlecki katea aterako zitzaiola Bales mendatean gora lider zela…

Asteleheneko atseden eguna eta gero, astea lasai antzean joango dela ematen du, asteazkeneko erlojupekoa alde batera utzita. Eta gaur zortzi, berriro ere borroka handia espero da, Mont Ventoux makurrean bukatuko baita etapa. Pirinioetako mendateek txirrindulari askoren txakalaldiak erakutsi dizkigute: Van Garderen edo Talansky, pare bat izen aipatzearren. Eta Pirinioek ere erakutsi digute Tourraren bigarren zatia Sky eta Movistar taldeen arteko norgehiagoka izan daitekeela. Larunbatean Sky jaun eta jabe izan genuen, baina igandean, aldiz, Movistar gailendu da, Valverde, Quintana eta Rui Costarekin, eta Jonathan Castroviejoren lan eskerga ahaztu gabe, noski.

Azken lerroak, nola ez, Andy Schleckentzat. Izan ere, euskarazko txio bat idatzi du, euskal zaleek mendateetan erakutsitako berotasuna eskertu nahian. Agian, datozen orduetan jakingo dugu nork lagundu dion esker oneko mezua idazten, baina bada albistea munduko ziklistarik onenetakoa –nahiz eta azkenaldian makal dabilen – euskaraz aritu izana, ezta?