Tourra? Ez, eskerrik asko…

Froome eta PorteAmaitu berri da Dauphiné lasterketa famatua, urteko zita garrantzitsuena den Frantziako Tourrari begira azken test serioa inundik inora. Bertan izan dira tropeleko oilar nagusienak, eta emaitza ezin eskasagoa izan da. Orain urte bete bezelaxe, Sky taldeko bi txirrindulari izan dira lehen bi postuetan. Gogoratu, ondoren Tourrean ere lehen bi postuatan talde beltzeko txirrindulariak izan genituela.

Gidoi jakineko etapak. Kiryienka, Boasson Hagen edo eta Thomas-en gidaritzapean ondoren Froome eta Porte-ren luzimendurako. Keniarra lehen, australiarra bigarren, txirrindularitza exotikoaren mugak gaindituz. Erlojupekoan onenak izan dira. Diferentziak markatu dituzte. Eta aldapan gora? Baita ere. Ez Contador, ez Rodriguez, ez Valverde… Arerioak xehetu dituzte…

Igandean euripean jokatutako etapa edizio honetan gertatutakoaren erakusgarri izan zen: kontrol lana eta errematea. Beno, aurten Froome izan den lasterketa guztietan gertatu den bezela, ezta? Bueno, eta aurreko urtean… Zenbait saiatu ziren, Contador kasu, baina Kennaugh eta Thomas (15. sailkapen nagusian!, ai ama) supereskalatzaileek bertan behera utzi zituzten saiakera guztiak. 5. etapan Froome-k Porte-ren lana baliatu zuen, eta atzokoan Porte-k gutxigatik ezin izan zuen Froome-na probestu. Umeen jolasa bailitzan, eskerrak De Marchi aurretik zen ihes eginda!

Egia esan, Froome-n garaipen bat espero zitekeen, beharbada Porte-ren bigarren postua ere bai Paristik Nizakora irabazi ondoren, baina gertatu den bezela? Holako nagusitasunaz? Sky taldeak 12 minutuko abantailaz irabazi du taldekako sailkapena, eta kontuz, 8 eguneko lasterketa batetaz ari gara. Hor geratzen da.

Aurreko urteko gidoi bera izan du lasterketak, kasik protagonista berdinekin. Are gehiago, aurreko urtean Wiggins-ek Tourrera bitartean eman zuen ibilbidea ‘kalkatzen’ ari da Froome, eta denok dugu gogoan 2012ko Tourrean gertatutakoa. Niretzat, Froome da Tourrerako hautagai nagusia, eta honen atzetik Porte. Norbaitek ba al du beltzezko gizon hauei koloreak aterako dizkioten esperantzarik?

Ez zaizkit gustatzen amaiera jakineko filmeak, eta zoritxarrez, 2013ko Tourrak badu berea. Tourra? Ez, eskerrik asko.

Argazkia: www.cyclingweekly.co.uk