Porte, eguzkipean gozo

Sky taldeko Portek irabazi du Paris-Niza, Talansky eta Perauden aurretik. Ez dut ondorengo lerrootan Paris-Nizaren kontakizuna egiteko asmorik. Bai, ordea, irabazleari buruzko lau zertzelada eman, bi urtez itzalpean egon ostean berpiztu dela baitirudi.

Duela hiru urte, 2010ean, inork gutxi ezagutzen zuenean, zur eta lur utzi gintuen Giroan Portek. L’Aquilako bidean sorturiko ihesaldian sartu, alde handia lortu eta maglia arrosa ere jantzi zuen zenbait etapatan. Monte Grappa eta Zoncolan bezalako aldapatzarrek garaitu zuten, baina hala eta guztiz ere, itxuroso bukatu zuen Giroa: zazpigarren. Denboraldi hartan, gurean, Donostiako Klasikoan borrokan ibili zen eta hamargarren postuan bukatu. 25 urte besterik ez zituen.

Hori horrela, ikuskizun zegoen Tazmaniako txirrindulariaren inguruan. Hurrengo bi denboraldietan, aldiz, morrontza lanak egin zituen batik bat. 2011n Contadorren Saxo Banken eta 2012an Wiggins eta Froomeren Skyn. Aurten Skyn jarraitzen du, eta litekeena da nola Giroan hala Tourrean bere taldeburuen mesedetan lan egin behar izatea. Hala ere, Paris-Nizako garaipena ez da lorpen makala. Konfiantza emango dio, eta itzuli handietan ez bada, txikiagoetan –erne, Tropelazaleak, Euskal Herriko Itzulian parte hartuko balu- burua erakuts dezake, Eguzkiaren Lasterketan –hala esaten diote Paris-Nizari- egin duen bezala. Erakustaldia emanda irabazi baitu. Hirugarren eguneko ihesaldian sartu zen, mendiko etapan garaile atera zen eta azken eguneko erlojupekoan jaun eta jabe izan da.

Talansky eta Van Garderen
Porte alde batera utzita, aipatzekoa da, nola ez, Gorka Izagirre ormaiztegiarraren lana. Lastima etapa garaipenak ihes egin izana –hirugarren sailkatu zen Talanskyk irabazi zuen egunean eta 18. postuan bukatu du-. Horrekin batera ezin aipatu gabe utzi bi estatubatuarrek egindako lana: Talanskyrena eta Van Garderenena. Bigarren eta laugarren sailkapen nagusian, hurrenez hurren. 24 urte dituzte biek ala biek. Van Garderen zailduago dago: bosgarren iazko Tourrean eta bigarren aurten bertan San Luiseko Tourrean, Argentinan. Nire ustez, ez dago dudarik. Van Garderen izango da, gauzak ondo, BMCko liderra Tourrean, Evans beteranoaren gainetik. Garmin-Sharpeko Talansky mantsoago doa, baina erne: joan den urteko Espainiako Vuelta menditsuan zazpigarren postuan bukatu izanak zerbait esan nahi du.