Armstrong oraindik gezurretan

Armstrong Oprahk eginiko elkarrizketanGaur goizean goizo jaiki naiz ohetik Armstrongi Oprahk egindako elkarrizketa ikusi, eta batez ere, adi-adi entzuteko. Merezi izan duelakoan naiz

Ez dizuet azalduko zer kontatu duen eta zer ez, hori beste webgune zein medioetan aurkituko baituzue. Elkarrizketaren lehen zatia entzun eta gero nik sortu dudan iritzia eman nahi dizuet.

Nire ustez oraindik gezurretan darrai Armstrongek. Egia da aurrerapausu ikaragarria eman duela zazpi Tourrak irabazteko dopinaz baliatu zela aitortzean, baina hainbeste urtean gezur handi batean bizi denari kontatu duen guztia ez diot sinetsi. Bi gai izan dira hori pentsatzera eramaten nauenak: Suitzako Itzulian ustez positibo eman zuenekoa eta 2009an itzuli zeneko garaiaren inguruan esandakoa.

USADAko informean Armstrongek harro esaten omen zien ingurukoei Suitzako Itzulian positibo eman zuela baina ez zela argitara aterako. Gaur Oprahk horren inguruan galdetu dio eta Armstrongen argi esan du hori ez dela egia. Oprahk UCIri eginiko donazio batekin lotu izan dela ‘estaltze” hori gogoratu dio Armstrongi baina honek kasualitatea izan zela baieztatu du. Nik positibo hau izan zela sinesten dut, beraz, Armstrongek gai honetan gezurra esan duelakoan naiz.

Dopinaz hitzegitean, Armstrongek 90 erdialdetik 2005 arte dopinaz baliatu zela adierazi du. Garbi utzi nahi izan du 2005ean “nahia da” esan zuela eta 2009an itzuli zenean garbi lehiatu zela hiru urtez. Nik hau ere ez dut sinesten, batez ere bere pasaporte biologikoan odol trasfusioren bat egin zuenaren zantzuak aurkitu baitzituzten.

Argiago arituko zela uste nuen texastarra. Egia osoa esango zuela eta argi hitz egingo zuela. Asko hitz egin daiteke gaurko elkarrizketaz, baina nire ondorioa oraindik ere gezurretan ari dela da. Ea elkarrizketaren bigarren zatiak zer ematen duen.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.