Cancellara ez dut faltan bota

Haizearen mendian orain urte batzuk Juanma Garatek bezalaxe, gaurkoan ere Clarke australiar gazteak etapa garaipena ostu dio Tony Martin erlojupeko espezialista handiari Valdezcaray ski estazioan. Eguneko ihesaldiak amaieraraino iristea lortu duen Espainiako Itzuliko lehen etapa izan da.

Hautagai nagusiei dagokienez, ia guztiak batera iritsi dira, azken mendate hortan mugimendu ugari izan diren arren, gehienbat Contador eta bere taldeak eraginak. Gordeta duen amorrua atera nahian dabil, baina momentuz min handirik egin gabe. Hori bai, Froome ongi itsatsi zaio badaezbada ere. Lider berria Purito Rodriguez, burua hotz, taldekideen laguntzaz aurreko bien saiakerak hutsean utzi dituztelarik. Aurtengoan bai Giro eta bai Vueltan lider kataluinarra, bejondeiola! Gureei begira, Igor Anton eta Beñat Intxaustik denbora galdu dute (bigarrenak kasik 4 minutu) nire harridurarako, eta badirudi aurtengoa ere ez dela izango sailkapen nagusiari begira beraien itzulia. Valverde liderrak bestelako zoria izan du…

Azken mendaterako kilometro batzuk falta zirela Flechak eraso egin du, eta berehala Valverde erori da taldekide batzuekin. Sky taldeak aurrera jarraitu du eta ondorioz hautagai nagusiekiko minutuko atzerapenaz hasi du liderrak igoera. Egin beharreko esfortzua ordaindu eta azkenean lidergoa galdu du. Movistar taldeko zuzendari Unzuek bere txirrindularia bota egin dutela esan du (beharbada erreklamazioren bat izango omen da), eta etapa amaieran murtziarra ere esplikazio eske joan da talde britainarraren autobusera (ez, arrabola nola egiten den galdetzera ez). Etapa amaitzean, Flechak aurreko urteko Tourra gogora ekarri du telebistako elkarrizketan, han inor zain ez zela geratu alegia. Polemika beraz mahai gainean dago, orain 2 urteko Tour famatu hartan hasi zen ‘Fair-Play’ hura berriro ere?? Nik behintzat, gaurkoan ez dut Cancellara faltan bota… Eta zuek??

Argazkia: @vanderjeugd (twitter)