Zerua oskarbi dago

Mendiko lehen etapa borobila izan da Sky taldearentzat. La Planche des Belles Filles mendatean -sei kilometroko oso igoera gogorra, gaur arte nahiko ezezaguna- nagusitu da Froome eta Wigginsek maillot horia jantzi du. Soilik Evansek, Nibalik eta Taaramaek eutsi diote Skyko bikoteari. Haimar Zubeldiak etapa bikaina egin du eta seigarren sailkatu da ; RadioShack talde xelebrearen liderra izan daiteke Tourrean aurrerantzean. Xelebrea diot Franck Schleck, Kloeden eta Horner, ustezko hiru liderrak, erdipurdi aritu direlako.

Skyko txirrindulariek aginte makila hartu dute azken igoeran.Aurrena, ihesaldian ibilitakoak irentsi dituzte –ordurako Van den Broeck eta Valverde ez zeuden tropelean matxurak tarteko-, eta jarraian, poliki-poliki Rogersek eta Portek jarritako erritmoari ezin eutsita atzean geratu dira txirrindulari asko: Mollema, Gesink -zer nolako egun txarra Rabobank taldearentzat, alajaina!-, Scarponi, Basso… eta baita Samuel Sanchez ere. Armstrongen US Postal ekarri dute gogora Skyko ziklistek, benetan; Froome Heras, Landis edo Azevedoren larruan aritu da erritmo itogarria jartzen. Boskote bat iritsi da lasterketaren buruan azken txanpara : Froome, Wiggins, Nibali, Evans eta Taaramae. Evansek jo du aurrena etapa irabazi nahian, baina urritiegi jo du australiarrak. Froomek Evans harrapatu eta atzean utzi du.

Wigginsek 10 segundoko aldea du Evansekiko sailkapen nagusian, eta Nibali hirugarren postuan da 16 segundora. Haimar Zubeldia seigarren posturaino igo da; 59 segundora dago usurbildarra. Menchov izan da, Haimar Zubeldiarekin atzean geratzen azkenetakoa eta horri esker, errusiarrak denbora gutxi galdu du eta bosgarren da sailkapen nagusian. Samuel Sanchezi dagokionez, 12. postuan dago bi minutura. Gorka Izagirre 29. postuan dela aipatzeak merezi du.

Argazkia: cyclingnews