Edozer gertatu daiteke

Aurtengo Giroa amaitzeko gero eta gutxiago falta da. Egun gutxi barru txirrindulariek milaka kilometro egin ostean Milango Piazza del Duomon amaitutzat emango dute aurtengo lehen itzuli handia. Erabakita dago jada? Nahiko errenta dauka Puritok Hesjedal eta Bassorekiko? Erantzuna nire ikuspuntu umiletik: guztia erabakitzeko dago, oraindik asko falta da.

Giroak zerbait berezia badauka gogortasuna da. Azken edizioetan itzuli handietan gogorrena izan ohi da. Eta beste ezaugarri nagusi bat sorpresarako tartea izaten da. Azken urteetan hainbat gertaera ikusi ahal izan dugu Giroa hankaz gora jarri izan dutenak (edo jartzeko zorian egon direnak). Hona hemen adibide batzuk.

  • – Jaitsierak klabeak izan daitezke (2010eko edizioa). Arroyoren jaitsiera Mortirolotik behera. Bi minutuko tartea zabaldu zion gainean Bassok (edizio hartako garaileak) Arroyori – maglia arrosa zeraman gizona. Euria goitik behera eta espainiarrak izugarrizko jaitsiera kamikazea gauzatu zuen (mendi bizikletako munduko kopako txapeldun bat, Evans, atzean utzi zuen). Gutxigatik ez zuen lortu Basso eta Nibalirekin bat egitea (etaparen amaiera beste bat izan zitekeen hori gertatu izan balitz).

  • – Txakalaldiak protagonismoa izaten dute (2005eko edizioa). 2005ean Bassoren txakalaldia suertatu zen. Italiarra zen faborito nagusia baina bi egun txarren ondorioz (gastroenteritisak jota) minutu ugari galdu zituen, etapa batean 40. Hurrengo egunetan sasoiari buelta eman eta etapa bat poltsikoratu zuen. Hurrengo urtean sailkapen nagusia irabazi zuen.

  • – Etapen gogortasuna kontuan hartzekoa (2011ko edizioa). Iaz Mikel Nievek izugarrizko erakustaldia eman zuen Giroko etapa gogorrenean. Larunbateko etapak esate baterako 5.000 metroko desnibela dauka, horiek metro asko dira gorantz. Giroa oso gogorra izaten ari da eta ikusi dugu hautagai nagusi batzuen agurra sailkapen nagusiaren lehiari (Rujano eta Kreuziger adibidez).

  • – Erorketak (2009ko edizioa). Txirrindulari guztien mamua. Edozein izkinatan ezkutatzen da. Galdetu bestela 2009an Pedro Horrillori (60 metroko amildegi batetik erori zen, gerora horren ondorioz txirrindularitza utzi behar izan zuen). Edo Menchov errusiarrari. Erroman amaitzen zen 100. urteurrenean, azken etapan – erlojuz kontrako bakarkako proban- etapa garaipenaren bila eta sailkapen nagusia poltsikoan azken zuzengunean erori zen. Segundo gutxigatik mantendu ahal izan zuen sailkapeneko lehen postua (gerora sailkapen nagusiko bigarren txirrindularia kanporatua izan zen dopin kontuengatik – Di Luca).

Eta zuen ustez… zeintzuk izan dira Giroko historian zehar momentu erabakigarriak? Edo edozein momentutan sailkapenak izugarrizko buelta eman ahal izan duten uneak?

Published by Piban

Ume garaian uztail arratsalde beroetan harrapatu ninduen txirrindularitzak Indurainen balentriak jarraitzen Frantziako Tourrean... eta harrezkero txirrindulari zalea.