Rojas, lehen liderra

Rojasek irabazi du Euskal Herriko Itzuliko lehen etapa eta ondorioz, lider jarri da. Faboritoetako batek, Klodenek, agur esan dio itzuliari bost minutu galdu baititu. Gueñesen bukatu da Euskal Herriko Itzuliko lehen etapa. Ibilbideak, gorabeheratsua izanagatik, ez du tropela txikitu, eta sprintean erabaki da lasterketa. Movistar taldeko Rojas nagusitu zaizkio Poels-i, Wegmann-i, Ratto-ri eta Vichot-i. Gorka Izagirre izan da Euskal Herriko lehen txirrindularia; zortzigarren sailkatu da. Guztira, 129 ziklista iritsi dira tropelean. Aurreko urteetan, lehen etapan jada itzulia irabazteko pronto zeuden txirrindulariak nabarmentzen ziren. Aurten, aldiz, ematen du asteazkenean, Arraten gora ikusi ahal izango ditugula aurrenekoz faboritoak. Ordura arte, bakea.

Etapak, irabazlea eta sailkapen nagusiko lehen postuetan txokoa lortu dutenak alde batera utzita, beste zenbait izen utzi dizkigu. Caja Rural taldeko De la Fuente espainiarrak eta Utensilnord taldeko Mucelli italiarrak kilometro asko eman dituzte ihesean; tropelak helmugarako 15 kilometro falta zirela atzeman dituzte. Kloden alemaniarra ere aipatu behar. Iazko txapeldunak bost minutu galdu ditu eta ondorioz, itzulia lehiatzeko aukera galdu du. Klodenen taldekide ohi batek ere, Brajkovicek, egun txarra izan du eta ia hiru minutu galdu ditu. Jai du horrek ere.

Rojasek profesionaletara salto eman zuenetik zazpi garaipen erdietsi ditu eta joan den urteko Tourrean azken unera arte borrokatu zen maillot berdea irabazteko. Azkenean, baina, Cavendishek jantzi zuen.

Argazkia: Susi Goetze / cyclingnews