Zer gertatzen da Tropela.net-eko portzentajeekin?

Hau da askok egin duzuen galdera. Ez da harritzekoa, izan ere, Hautagai nagusien multzoan bi hautagai bakarrik daude, Contador eta Andy Schleck, eta biak A multzoan daude; nola da posible hori?

Aukeraketa-portzentajeen gaia oso eztabaidatua izan da Tropela.net sortu zenetik. Askok kentzea eskatu izan duzue txirrindularitzaz gehiegi ez dakienari mesede egiten diola argudiatuz. Beste hainbatek, ordea, portzentajeak defendatzen ditu ‘ez hain aditu izanik’ gida gisa lagungarri egiten baitzaie.

Eztabaida honetan guztien gustura egin asmoz aurtengoan aukeraketa-portzentajeak multzokatzea pentsatu genuen aukeraketak apur bat ezkutatzeko eta horretarako, ABCD hizkiak erabiltzen hasi ginen. Honela banatu genituen portzentajeen multzoak:

D: %0-%15
C: %15-%35
B: %35-%60
A: %60-%100

Orain arteko aurtengo lehiaketetan multzokaketa honen arabera erakutsi dira txirrindularien aukeratze mailak (kiniela egiteko epea irekita dagoen bitartean). Hala ere, erdibidera iritsi ez ginenaren sentsazioa izan dugu, portzentaje zehatzak erakutsi ez arren, pista asko ematen zituelakoan. Hori dela eta, gaiari beste buelta bat eman diogu eta horren ondorioz, aukeraketa-portzentajeak gehiago ezkutatzen dituen multzokaketa berri hau erabiltzea erabaki dugu:

D: inork aukeratu ez duen txirrindularia.
C: %0-%3
B: %3-%30
A: %30-%100

Hau jakinda, ikusten duzuen bezala posible da Alberto Contadorren eta Andy Schlecken aukeratze-maila A bezala agertzea. Horrek esan nahi du biak %30 eta %70 arteko balio bat dutela. Frantziako Tourra hasten denean jakingo dugu ziklista bakoitza Tropela parte hartzaileen artetik zehazki zenbatek aukeratu duen (ehunekotan).

Badakigu txirrindulari-multzoaren arabera (multzoko txirrindulari kopuruaren eta bertan aukeratu beharreko kopuruaren arabera) informazio gehiago ala gutxiago eman dezakeela baina gure ustez erdibide hori bilatzeko aurrera pausu bat izan da. Zuek zer deritzozue?