Nor da Degenkolb?

20110609-065720.jpgZalantzarik gabe txirrindulari hau aurtengo Dauphineko sorpresatako bat izaten ari da. Alemaniar gazte honek bi etapa garaipen lortu ditu aurtengo edizioan, gaur jokatu den 4. eta astearteko 2. etapan hain zuzen ere. Eta igandeko prologoan ere ez zen hanka motz ibili 4. postu esanguratsu bat lortu baitzuen.

Baina zein da ‘ezezagun’ hau? Degenkolb aurten igo da elite mailara HTC-Highroad taldearen eskutik. Iaz arte Thüringer Energie Team taldean aritu zen eta garaipen politak lortu zituen 23 urtez azpiko lasterketatan. Etapa garaipenei dagokionez, aipagarrienak Britainiako Itzulian lortu zituen bi etapa garaipenak, Etorkizuneko Tourreko beste bi eta bat Alsaceko Itzulian. Baina etapa garaipenez gain 23 urtez azpiko Thüringen Rundfahrt lasterketan etapa eta itzulia irabazi zituen. Kontutan hartzekoa ere iaz Mendrision 23 urtez azpiko errepideko lasterketan bigarren sailkatu izana Matthewsen atzetik.

Aurten HTC-Highroaden hasi denetik ere etapa garaipenak lortu ditu: Algarven, Driedaagse van West-Vlaanderen itzulian eta Bayern Rundfahrt-en, Bavariako Itzulia bezala ezagutzen den lasterketan. Azken hau izan zen nire kasuan txirrindulari gazte hau nire Dauphineko tropelan aukeratzeko arrazoia sasoiko zebilela iritzi bainion.

Orain Gera herriko 22 urteko gazteaz zerbait gehiago dakigu. Era berean esanguratsua irizten diot txirrindulari hau ere HTC-Highroad taldean ezagutzera ematea. Badirudi esprinterrak aukeratzeko eta prestatzeko talderik onena dela momentuan.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.