Eta gaur Mikel Nieve!!

Atzokoan Igor Antonen garaipena sinistu ezinda banintzen, zer esango dizuet ba gaurko Mikel Nieveren garaipenaren ondoren? Txalotzekoa talde laranjaren lana, asteburua bikain borobildu baitute. Zorionak guztioi!!

Atzo ikusi genuen Mikel Nieve indartsu zebilela. Gaurkoan eguneko ihesaldian sartu da Garzelli zakur zaharra tarteko. Mugimendu ezberdinak izan dira aurrealdean, baina garrantzitsuena Garzellik Marmolada igotzerakoan jo duena izan da. Mikel atzetik atera da baina jarraitu ezin da tartean geratu da.

Atzean beste lasterketa bat zegoen: sailkapen nagusiko faboritoen lehia. Nibali izan da mugitu dena. Ausardia handia erakutsi du eta distantzia atera badu ere, Marmoladan gora geratu beharrean izan da. Txalotzekoa egindako ahalegina fruiturik eman ez badio ere. Hala ere, azken mendateari ekiterako bat egitea lortu du italiarrak jaitsieratarako dituen dohainez baliatuz. Ezin berdin esan Igor Antonengatik, hau moztuta geratu baita.

Gardeccia igotzen hasterako Mikelek bat egin du Garzellirekin eta metro gutxi geroago erasoa jo dio italiarrari eta honek ezin eutsi. Fresko zihoan Mikel, ondo. Aurreko mendatean indarrak ondo neurtu dituela agerian geratu da eta talde nagusiarekiko zuten 9 minutu inguruko errentari esker garaipena eskuratzea lortu du leitzarrak.

Faboritoen artea, berriz, berriro ere Contador mugitu da. Ikaragarria da Pintokoa Giroan erakusten ari den joa. Ez nuen ez horrelakorik ikusiko nuenik uste. Pintokoak aurrera jo du eta atzetik, beti ere tarte batera, Scarponi eta Gadret jarraitzen saiatu dira. Azkenean helmugan Contador hirugarren izan da Garzelliren atzetik eta laugarren, oso denbora gutxira, Scarponi. Ondorioz Contadorrek lidergoa sendotu du eta bigarren eta hirugarren postuak Scarponi eta Nibalik betetzen dituzte hurrenez hurren.

Igor Antonek denbora galdu du eta podium postuetatik kanpo geratu da. Hala ere 5. eta 6. 11. aurkitzen dira Mikel eta Igor . Egia esanda bakoitzak etapa garaipen banarekin eta lehen hamar hamaika postuetan izanda, zer gehiago eskatu behar zaie? Garbi dago behin honaino iritsita podiumaren lehiari ekin beharko lioketela ez baitzait iruditzen Nibali, Scarponi edo Gadret baino maila baxuagokoak direnik bi euskaldunak. Hori bai, lanak ongi eginda direla, orain goza dezatela!!

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.