Txirrindularitzari “OTA”

Badirudi Patxi Mutiloari txirrindulariak pasatzen diren errepide bazterrak marra urdinez markatu nahi dituela. Hori bai, zaleok bertan izateagatik ordaintzeko xedez. Zergatik orain kontu hauek? Zein helbururekin? Ona hemen nire hausnarketa xumea.

Garbi dago krisiak arlo guztiak kaltetu dituela. Gobernuek ere diru publikoaren gastua kontrolatu eta murriztu nahi dute eta oraingoan txirrindularitzari dagokio.

Ez dakit zehazki zenbat diru publiko “gastatzen” duten txirrindularitzan. Alde batetik lasterketak antolatzeko dirua ematen da eta bestetik txirrindulari taldeak (Euskaltel-Euskadi kasu) laguntzeko. Bigarren kasuan gainera urte askoan zehar eta kantitate garrantzitsuan, batez ere diputazioen laguntzak kontutan hartuta. Lehen puntuari heldu nahiko nioke gaurkoan, lasterketak antolatzeko erabiltzen dena.

Euskal Bizikleta antolatzeari utzi egin zitzaion diru kontuak tarteko orain iaz. Badirudi gastua murriztu zela erabaki honekin. Aurtengo berri garrantzitsua, aldiz, hainbat urteren ondoren Espainiako Vuelta Euskal Herritik pasako dela da. Erabaki hau ez da hain juxtu doakoa eta gainera krisi garaian hartutakoa izan da. Zergatik, beraz, orain gehiegizko gastuen kontu hau? Kalkuluren batek huts egin al du? Ez dut hau guztia ondo ulertzen.

Hala eta guztiz gastu publikoa murriztearen alde nago, baina zalegoari bide bazterrean egoteagatik ordain araztea? Hau astakeria handia delakoan naiz eta hauek nire arrazoi nagusiak:
1. Nire ustez lasterketa batek zenbat eta zalego gehiago izan orduan eta prestigio gehiago hartzen du. Ordaindu behar izateko kasuan, nola eragingo lioke lasterketari?

2. Mutiloa euritan eta hotzez bide bazterrean txirrindulariak animatzen gutxitan izan dela argi geratu da. Ordaintzeko kasuan aterpe eta berogailuak jarriko al dira? Zaleok lasterketara joaten bagara batez ere animoak emateko asmoz izaten da, ez dezagun hau ahaztu.

3. Nola konpara daiteke txirrindulari lasterketa bat pilota partidu batekin? Zentzu bera al dute ba? Ni ezezkoan naiz.

4. Eta arlo ekonomikoari dagokionez, errepide bazterreko ikusleei kobratzeko zenbat langile beharko lirateke? Eta ordaindu ez duenak lasterketa ikustea galarazteko? Ez dut kobratzeko sistema bideragarririk ikusten.

Aurrez esan bezala ondo deritzot gastu publikoa murrizteari, baina pentsa dezagun zer diogun ezer esan aurretik. Gastu publikoa gutxitzeko diru pribatua behar bada ba taldeek eta lasterketa antolatzaileek buruari eragin beharko diote horretarako. Zalegoa ordaintzera bultzatzeak txirrindularitzari kalte baino ez diola egingo euste dut eta egun dagoen babesle kopurua murriztea besterik ez da lortuko nire aburuz. Gure herriko zalegoak, batez ere zenbatekoa den kontutan hartuta, horrelako neurriak baino zerbait gehiago merezi duelakoan naiz.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.