Nik Contadorrengan sinisten dut

contadorAlberto Contadorren ustezko positiboak hautsak harrotu ditu. Nola ez ba. Ostegun goizean zabaldu zen albistea. Azkar zabaldu ere. Gaur egun sare sozialei esker konturatzerako zeharo barreiatzen dira berri onak zein txarrak. Ostegun goizean zabaldu zen albistea eta arratsaldean, Contadorrek eta haren gertuko Lopez Cerronek emandako argudioen inguruan era guztietako iritziak irakur zitezkeen han eta hemengo foroetan, Irungo haragiak sekulako fama pilatzeraino!

Nik, egiari zor, Alberto Contadorrengan sinisten dut. Zaila egiten zait oso Tourreko txirrindulari indartsuena izanik, nahita, legez kanpoko zerbait hartzea, jakinda kontrolak inoiz baino zorrotzagoak direla. Hala ere, aitortu behar dut Contadorren aurpegiak prentsaurrekoan Roberto Herasena ekarri zidala gogora, 2005eko Vuelta eta gero, positiboa eman izanagatik egindako agerraldian errugabea zela esan zuenean. EPO zantzuak aurkitu zituzten espainiarraren azterketetan, eta ez zen berriro bizikleta gainean igo lehiatzeko. Jaizkibelen aurtengo Klasikoan egindako pintaketa bat ere etorri zait burura: Non dago Mikel? Bai, tropelzalea, Mikel Astarloza sanpedrotarraren zaleek egina da. Denbora izugarri azkar pasatzen da, baina urtebete pasatxo da Astarloza lasterketetan ikusten ez dugula. Hark ere prentsaurrekoa eman zuen, eta ziurtatu zuen ez zuela legez kanpoko ezer hartu, nahiz eta azterketek kontrakoa esan. Eta nik sinisten diot. Baita Iban Mayori ere. Egia esan, Landisi ere sinistu nion. Beraz, akaso arazoa neu naiz, inozoegia naizela alegia. Txirrindularitzaz nik baino gehiago dakien adiskide eta tropelzale porrokatuak, ordea, ikertzeko erronka bota dit, Tourrean, atseden egunaren bueltan positiboak ohikoak direla, eta oker ez banago, Mayo eta Vinokouroven positiboak atseden egunaren bueltan izan ziren 2007an, esate baterako. Esandakoa, akaso xalo samarra naiz.

Txirrindularitza zale soila naiz, eta txirrindularia maite dut. Baina beti kanpotik jarraitu dut. Azterketak segurtasun neurri guztiekin egiten direla sinetsi nahi dut, eta txirrindulariek ere diotenari sinesgarritasuna ematen diedanez, bada talde batzuetako jokabideak ez direla guztiz zuzenak ondorioztatzen dut nik. Eta txirrindulariek larrutik ordaintzen dutela -oraingoan haragia erosterakoan arduragabe jokatu omen du norbaitek, txirrindulariaren bertsioarekin bat baldin bagatoz-.

Babes handia eta babes ez horren handia

Hori bai, ez zait batere gustatu Espainiako kirol erakundeetako ordezkariek Contador sutsuki babestu izana. Non zeuden haiek zigortutako beste hainbat txirrindularik lau haizetara zabaldu zutenean errugabe zirela?

Contador zigortu behar duten? Pena litzateke bera bezalako txirrindularia bi urtez galtzea laginak esku artean dituztenak zalantzati badabiltza, baina ezin ahaztu aurretik aipaturikoak -Heras eta abar- zigortu zituzten, Valverde zigortu dute inongo azterketatan positibo eman gabe, Puerto Auzian sartu zutelako. Eta zaku berean sartu zituzten, gutxi batzuk aipatzearren, Osa anaiak, Joseba Beloki eta David Etxeberria. Nik, ikusle gisa, haien falta sumatu dut proba askotan. Egunotan asaldatu diren askok, nonbait, ez.

Sentitzen dut horren gauza gutxi argitu izana. Sokratesek duela mende asko esan zituen hitzak nire egingo ditut: Dakidan gauza bakarra da ez dakidala ezer.

Argazkia: AFP